Balatro iazko ustekabekorik handienetakoa izan zen bideojokoen munduan. Localthunk indie garatzailearen karta jokoak mundu guztia ezustean harrapatu, eta 2024ko bideojokorik onenen zerrenda guztietan sartzea lortu zuen. Orain arte probatu barik ibili gara Game Erauntsian… baina bere atzaparretan erori gara azkenik.
Aitzakia sendoa daukagu, behintzat: denboraldiko lehen saioan azaldu genuen modura, Asier Aranzasti zaleak orain gutxi euskaratutako titulua da Balatro. Aditu zorrotzak eta profesionalak garenez, probatzea eta ikertzea zen gure lana, eta, tira… nahi baino ordu gehiago eskaini dizkiogu. Ezagutzen ez duzuenontzat, poker karta jokoaren oinarriak bogan dabiltzan roguelike ezaugarriekin elkartzen ditu indie obra honek.
Vampire: The Masquerade mahaijokoaren zaleak dira gurean, eta aspalditik espero dugun Bloodlines 2k argitaratze data jaso du, asko kostata: urriaren 21ean estreinatuko da. Polemika artean, zoritxarrez: banpiroen Lasombra eta Toreador klanak ordainpekoak izango direla adierazi ondoren, zaleen haserrea eragin, eta Paradox Interactive-ko arduradunek atzera egin dute.
Garatzaile euskaldunen bideojokoak aurkeztea beti da plazer hutsa guretzat; oraingoan, are gehiago, Game Erauntsia Elkarteko kide baten lanarekin baikato. Louis Schnellbach-ek eratutako Tokiko Studio taldeak Kofoin – Swarm Defense iragarri du. Estrategia eta dorreen defentsa jokoan erlauntza gidatzeko lana hartuko dugu: Gauekoren indarrengandik babestu beharko ditugu gure erleak. Euskaraz estreinatuko du Tokikok, eta, argitaratze data aipatu gabe utzi badu ere, “laster” demoa ikusiko dugu PCrako.