Podcast: Play in new window | Download
Egun handiak bideojoko zaleentzat. Azoka handiek indarra galdu dutela esan badaiteke ere, hauei lotutako aurkezpenek iragarpen ikusgarriak egiteko eta begirada guztiak erakartzeko balio dute oraindik. PlayStation edo Xbox bezalako erraldoien zuzeneko emanaldiek obra handi ugari ekarri dituzte Tokyo Game Show topaketaren aterpean.
PlayStationen State of Play emanaldia azokaren orbitan geratu da, baina ez dio axola. Otsokume superheroiaren bideojokoa, Marvel’s Wolverine, mugimenduan ikusi dugu azkenik; gainera, Saros desiratuaren lehen joko garritasuna utzi digute Housemarque estudiokoek; ustekabekoen aldetik, Microsoft Flight Simulator 2024 PS5era datorrela ezagutu dugu; gainera, Deus Ex originalak birmasterizazioa jasoko du. Nioh 3, Battlefield 6, Crimson Desert… handi asko batu dituzte Sony-koek.
Tokion egon direla aprobetxatu dute Xboxekoek, bestalde, Forza Horizon 6ren iragarpena egiterakoan: Japonian girotuko da mundu irekiko lasterketen sagako atal berria. Datorren urtean iritsiko da, lehenengo Xbox Series eta PC gailuetarako, eta, beranduago, PlayStation 5erako.
Electronic Arts-i lotutako albistearen berri izan dugu irratsaioa grabatzen hasi aurretik. EA Sports FC, Battlefield, Need for Speed edo The Sims ezagunen enpresa 55.000 milioi dolarretan erosi dute Saudi Arabiako inbertsio funts publikoak, Silver Lakek eta Affinity Partnersek. Andrew Wilsonek CEOa izaten jarraituko duela adierazi dute EAtik.
Berri pozgarriekin bukatzeko, euskarazko bideojoko berria aurkeztu nahi izan dizuegu. Prince of Persia originala itzuli du Game Erauntsia Elkarteko kide Joxeba Lizeagak: MS-DOS bertsioko fitxategiak eralda ditzakegu printzearekin batera ziegak gure hizkuntzak esploratzeko.