Podcast: Play in new window | Download
Apirileko estreinaldi handiei begira jarri gara bideojokoak ardatz dituen Game Erauntsia irratsaioan. Beti bezala, AAA ekoizpenak zein indie txikiagoak nabarmendu ditugu, argitalpen zoragarriak ikusiko baititugu.
Starfield-en bertsio berriarekin hasi gara, PlayStation 5ean estreinatuko baita, azkenik; Nintendok doako Pokémon Champions nahiz Tomodachi Life: Living the Dream ekarriko dizkigu egunotan; Hades II ikaragarria PS5 eta Xbox Series kontsoletan kaleratuko du Supergiant Games independenteak; Vampire Crawlers adiktiboa dakar, bestalde, poncle ezagunak; hilabetearekin bukatzeko, PlayStationek eta Housemarque estudioak Saros ikusgarria merkaturatuko dute.
Zurrumurruentzako tartea ere eduki dugu. NatetheHate insider ezagunak N handiari lotutako filtrazioak zabaldu ditu. Switch 2ko jokalariek Star Fox berria jasoko dute, antza denez, urtea bukatu aurretik… baita The Legend of Zelda: Ocarina of Time maisulanaren berregitea ere. Mario iturginaren 3D abentura, bestalde, 2027rako prestatzen ei dabiltza Kiotokoak. Ez dira, baina, Nintendoren inguruko zurrumurru bakarrak.
PlayStationengana jo dugu, baita, egungo gailuen prezio igoera aipatzeko: PlayStation 5 zein PlayStation Portal gailuen salneurria areagotu dute, egoera ekonomikoari nahiz krisiei aurre egiteko asmoarekin.
Albiste txarrekin jarraituz, Epic Games erraldoiko Tim Sweeney arduradun nagusiak berri kezkagarriak utzi ditu; izan ere, lantaldeko 1.000 langile baino gehiago kaleratuko dituzte. Fortnite arrakastatsua arazoekin dabilela diote arduradunek, eta, sinestea gure esku dagoen arren, ez omen da adimen artifiziala erabiltzeko hartutako erabakia.






























