Podcast: Play in new window | Download
Nvidiak DLSS eskalatze sistemaren 5.0 bertsioa iragarri du. Adimen artifizialaz baliatutako iragazkia du berritasunik handiena; teknologiak, baina, haserrea eragin du bideojokozaleen eta sortzaileen komunitateen artean.
Berrikuntzak dakartzan arazoen eta oztopoen inguruan mintzatu gara Game Erauntsian. Erakutsitako bertsioak sare sozialetako filtroen estetika gaineratzen die bideojokoei. Ez hori bakarrik, erabiltzea benetan garestia izango da, oraingoz behintzat, bi txartel grafiko indartsu eskatzen baititu.
Game Erauntsiak eta Zomorro Studio taldeak Euskal Game Jam 3 topaketa antolatu dute, baita. Eibarko UniEncounter ekimenarekin batera prestatutako bideojokoen sorkuntza ekitaldiak 37 sortzaile baino gehiago elkartu ditu aurten, euskarazko hamabost bideojoko sortuta. 48 orduko epean buru-belarri ibili dira partaideak, Eibartik zein etxetik, eta argitaratutakoak probatzeko aukera daukagu jadanik.
Nintendo Switch 2 kontsolari lotutako bi albiste interesgarri iritsi zaizkigu, baita. Alde batetik, bateria aldatzeko erraztasunak eskaintzea helburu duen eraberritutako modeloa ikusiko dugula aurreratu du Nikkei japoniarrak; beste aldetik, Switch originaleko jokoak mahaigaineko grafikoekin exekuta ditzake egungo kontsolak modu eramangarrian, azken eguneraketari esker.
Bukatzeko, Xbox-ek eta Bethesda-k Starfield tituluaren PlayStation 5eko bertsioa iragarri dute. Apirilaren 7an merkaturatuko da Sony-ren kontsolan, berritasunekin, espantsioekin eta eduki gehigarriekin.






























