Podcast: Play in new window | Download
Otsaila japoniarrentzat dirudi: bideojokoen munduan, behintzat, horrela izango da. Eguberrietako kanpaina atzean hasita, 2026rako berotzen hasiak dira Capcom, Nintendo, Koei Tecmo edo Square Enix enpresa ezagunak, denetariko eta denontzako proposamenak argitaratzeko prest.
Urteko estreinaldietako bat ikusiko dugu hilabetea bukatu aurretik: Resident Evil sagaren bederatzigarren atala, Requiem. Leon S. Kennedy eta Grace Ashcroft protagonistekin, zonbien eta munstroen artean jarriko gaitu berriro, survival horror mekanikak zein akzioa bilduta. Gehiago datoz, ordea: Nioh 3ren samuraiak eta deabruak, Mario Tennisen erraketa magikoak edo Dragon Quest VII maitatuaren Reimagined berregitea estreinatuko dira.
Albiste larriagoak aipatu ditugu Game Erauntsian: Steam You Owe Us (Steam, zor diguzu) izeneko enpresak Valven bideojokoen plataforma Erresuma Batuko auzitegietara eramango du. 656 milioi libra ordaintzeko eskatzen dio Steamen arduradunei, monopolio joerekin gailentzen saiatzeagatik.
GNU/Linux sistema eragileetako erabiltzaileek berri pozgarriak jaso dituzte, gutxienez: bideojokoei bideratutako zenbait distribuzioetako antolatzaileek Open Gaming Collective erakundea osatu dute. Erakundearen helburu nagusia garapeneko oztopo nagusiak zentralizatzea, eta kideen artean antolatzea izango da, Linuxen bideojokoetan aritzea erraztuz eta hobetuz.
Dragoi Bolaren 40. urteurrena aipatu genuen aurrekoan, eta, nostalgiak harrapatuta, duela gutxi estreinatutako Gekishin Squadra doako MOBA tituluan partida batzuk jokatu ditugu. Son Goku, Vegeta, Satan Txiki, Son Gohan eta beste hainbat biltzen dituen titulu interesgarria PCan eta mugikorretan aurkituko dugu.






























