Podcast: Play in new window | Download
Steam Hardware gailu sorta berria aurkeztu du Valve enpresa estatubatuarrak. Game Erauntsiatik zain genbiltzan… eta irratsaio berezia dakarkizuegu guztiak ezagutzera emateko.
Steam Machine gailua izan da, ziurrenik, ustekabekorik handiena, beranduago aurkeztea espero baitzen. Ordenagailu baten aurrean gaude: tamaina txikia dauka, kubo forma, eta SteamOS sistema eragilea erabiliko du. Hardware zehaztapen guztiak eskaini dizkigu Valvek, baina benetako errendimendua ikusteke dago; prezioa aipatu gabe utzi dute, gainera.
Steam Frame VR kaskoa da erakutsitako bigarrena. PCra haririk gabe konektatzeko pentsatutako gailua da, egokigailu berezia erabilita; halere, ARM Snapdragon prozesadoreari esker, bere kabuz bideojokoak mugitzeko gai izango da. Bi 2160×2160 LCD pantailarekin, orain arteko errealitate birtualeko gailurik aurreratuenetakoak izango direla dirudi.
Aipatutako ARM prozesadorean ere sakondu dugu; izan ere, bideojokoen eta PCaren munduan iraultza eragin dezakeen zerbait da. FEX emulagailuan lanean aritu dira Valvekoak, ARM txipekin x86 bideojokoak exekutatzea ahalbidetuz. Zer esan nahi du honek? Mugikorretan eta gailu eramangarri txikietan SteamOS zein PCko bideojokoak mugitzeko gai izango garela.
Bukatzeko, Steam Controller agintea aditzera eman dute Gabe Newell-en taldekoek. Mandoaren modelo berria pantailarik gabeko Steam Deck-a dela esan daiteke: palankak zein trackpadak, atzealdeko lau botoi estrak, giroskopioa eta askoz ezaugarri gehiago biltzen ditu.
Guztia ez da Steami buruzkoa izan saioan: Ubisoft-en finantza bilerarekin gertatutakoa ekarri, Xbox Partner Preview aurkezpenaren berri eman, eta Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldien zortzigarren edizioan entzundakoak laburbildu ditugu.






























