Podcast: Play in new window | Download
Steam Next Fest demoen jaialdia ezusteko atseginak ezagutzeko toki aproposa da bideojokozaleentzat. 2025eko azkena antolatu du Valve enpresak, eta bertako bideojokoetako batzuk irratsaiora ekartzea erabaki dugu. Hiru nabarmen ditugu oraingoan: Skate Story, Forestrike eta Tears of Metal.
Lehena aspalditik ezagutzen dugun skate abentura oniriko bezain berezia da. Monopatinarekin infernua zeharkatzera eramango gaitu Sam Eng sortzailearen tituluak; izan ere, kristalezko deabruaren rola jokatuko dugu. Forestrikek, berriz, kung fu maisua izatera eramango gaitu: aurreikuspenaren boterearekin batera roguelike partidak biziko ditugu 80ko hamarkadako arte martzialen filmak omentzen dituen tituluan.
Roguelike generokoa da baita Tears of Metal, baina kasu honetan Eskozian kokatuko gaitu: William Wallace-n rola jokatuko dugu musou erako guduetan gure lurraldea askatzeko.
Albistegiari helduta, Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendako 201. lana aurkeztu dugu —eta ez da edozein—: 1993. urtean Game Boy eramangarrian estreinatutako The Legend of Zelda: Link’s Awakening gure mintzairan joka daiteke orain. Bertsio originala itzuli beharrean, zaleek ordenagailurako sortutako DX HD edizioa da lokalizatutakoa, irudi eta guzti.
Game Freak, The Pokémon Company eta Nintendo hirukoteak sakeleko munstroen filtrazio erraldoia jasan du… berriz. Pokémon jokoen etorkizuneko atalen informazioa jaso dugu, hamargarren zein hamaikagarren belaunaldietako tituluen xehetasunekin batera Legends obra berria nahiz Seed proiektu misteriotsua aipatuta.
Bukatzeko, Game Erauntsia Elkarteak Azkue Fundazioarekin batera zortzigarrenez antolatuko duen Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldiari buruz hitz egiten hasi gara: azaroaren 15ean elkartuko gara Bilboko Euskararen Etxean batzen gaituen zaletasun honi buruzko hitzaldiez eta mahai inguruaz gozatzeko.






























