Podcast: Play in new window | Download
Bideojoko txikien saioa izan da Game Erauntsiaren seigarren denboraldiko seigarrena. Ordenagailuen mundua lehertzen dabilen Megabonk ezagutu —eta probatu— dugu, hasteko: Vampire Survivors-en klona hiru dimentsioen unibertsoan sartzen da, oinarriak mantenduz, baina berritasun interesgarriak inplementatuz. Doako demotik hasi gara, baina, azkenean, guztiz harrapatu gaitu, eta eskaintzeko daukan guztia ezagutzera animatu gara.
Aurreko denboraldian hitz egin genuen Clair Obscur: Expedition 33 bereziaz; hala eta guztiz ere, Sandfall Interactive estudioaren obrak zeresana dauka oraindik. Doako gaurkotzea iragarri dute frantsesek: etsaiak, buruzagiak, kokalekuak eta bestelakoak gehituko dizkiote 2025eko bideojokorik onenen artean kokatzea lortu duen tituluari. Guztia mugarri garrantzitsua ospatzeko egindako lana da: bost milioi salmentak gainditzea lortu du JRPG bikainak.
Euskaratutako bideojokoekin jarraitzen dugu baita. Josu Igoari eskertu behar diogu, beste behin, egindako lana: Hidden Folks maitagarria gure mintzairan proba dezakegu berari esker. 32 paisaia interaktiboetan animaliak zein objektuak bilatzen jarriko gaitu ‘Non dago Wally’ ezagunaren oinarriak hartzen dituen indie txukunak. Euskaraz edukitzea ospatzekoa da, baina adi: Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendara gehitzen dugun 200. titulua da.
Bestalde, azken asteotan aipatu gabe utzi ditugun albiste txiki interesgarriak ere ekarri ditugu. Adibidez, League of Legends-en borroka bideojokoa, 2XKO, sarbide goiztiarrean estreinatu du azkenik Riot Games-ek; bere aurkarietako bat, aldiz, Dragoi Bolaren unibertsoko FighterZ maitatua, gaurko berriarekin biziberritu dute.
Hideo Kojima zuzendariak bere etorkizuneko bideojokoak aurkezteko nahiz Kojima Productions taldearen hamargarren urteurrena ospatzeko Beyond the Strand topaketa antolatu du Tokion. Bukatzeko, Steam Next Fest jaialdia berriz abiatu du Valve-k bere plataforman.