Podcast: Play in new window | Download
Game Erauntsia irratsaioaren seigarren denboraldia modurik egokienean hasteko, urte luzez zain eduki gaituen bideojokoa iritsi da, kostata, gure esku artera. Team Cherry estudio australiarrak Hollow Knight: Silksong estreinatu du, eta gozatzen gabiltza.
Hornet txikiaren abentura 2019. urtean iragarri zen ofizialki. Hollow Knight maisulanaren eduki gehigarria izan behar zen, baina, eskala hazten zihoala, berezko titulua izatea erabaki zuten garatzaileek. Jokoa garatzen eta txukuntzen eman dituzte azken urteak, kaleratze eguna zehaztu gabe… ia ustekabean, bi aste baino ez direla geratzen esan arte. Erreserbak ere alboratuta, irailaren 4an merkaturatu zenean Steam, Nintendo eShop, PlayStation Store nahiz Xbox Store saltokietan akatsak eragin zituen erabiltzaileen trafiko itzelarengatik.
Silksong ez egunotako joko handi bakarra, ordea. Irailak altxor ugari utziko dizkigu: Hell is Us, Silent Hill f, Final Fantasy Tactics: The Ivalice Chronicle edo horren ondo ezagutzen ditugun EA Sports FC edo Borderlands sagako atal berriak jasoko ditugu egunotan, besteak beste.
Euskarazko bideojoko berriak ere jaso ditugu, sarritan ikusi bezala, bideojokozale euskaldunen lan ikaragarriari esker. Udan hiru euskaratze kaleratu dira: Balatro karta joko ospetsua, Silent Hill 2 originala zein Lost in Play ederra gure hizkuntzan joka ditzakegu.
Aurkezpenekin bukatuz, James Bond agentearen 007 First Light bideojokoa lehen aldiz jokagarritasun gordinarekin agertu zaigu PlayStation-ek eta IO Interactive-k antolatutako State of Play emanaldian. Hitman sagako arduradunak izanik, 47 agentearen jokoetako mekanikak errepikatuko dira 007 espioiaren abenturan. Argitaratze data ezagutu dugu, gainera: datorren urteko martxoaren 27an estreinatuko da.