Podcast: Play in new window | Download
2025eko salmenten aurreikuspenak ere eguneratu ditu N handiak: hamaika milioi kontsola saltzea espero dute. Zifra garrantzitsua; lortzen badute, historiako kontsolarik salduenean bihurtuko litzateke Switcha. Lortuko al dute? Bitartean, saiokoak bideojokoen salmenta zifrei buruz eztabaidan ibili gara.
PlayStationera jo dugu baita… Xbox-ekin batera; izan ere, Microsoft-en saga mitikoenetarikoa Sony-ren kontsoletara dator: Age of Empires II: Definitive Edition eta Age of Mythology Retold PlayStation 5ean kaleratuko dira aurten. Estrategiaren klasikoak kontsolarako egokituta daudenez, modu berean funtzionatuko dute PS5ean; gainera, eduki berriak jasoko dituzte espantsioen bitartez.
Football Manager dugu, bestalde, kirol simulagailuen arteko frankiziarik arrakastatsuenetakoa… baina 2025eko jokoa ikusi gabe geratuko gara. Sports Interactive eta Sega taldeek bertan behera utzi dute hainbat berandutzeren ostean: zuzenean 2026ko atalean lan egiten hasiak dira.
Euskal jokoak hizpide hartuta, joan den urtean EztulaBadula garatzaileak Android-en argitaratutako Munstro puzzle joko zoragarria iOS sistema eragilera iritsi dela jakin dugu. Iphone zein Ipad erabiltzaileek doan eta euskaraz joka dezakete dagoeneko.
Metal Gear Solid 3: Snake Eater maitatuaren Delta berregitea izan dugu hizpide, bukatzeko. PlayStationek filtratutako bideo bati esker abuztu bukaeran estreinatuko dela ezagutu dugu. Naked Snake espioiaren abentura goitik behera txukundu dute Konami-koek.






























