EUP! irratia

Eremua: Markina-Xemein
E-posta: eupirratilibrea@gmail.com
Webgunea:https://eup-irratia.info
Twitter: @eupirratixe
Facebook: facebook.com/eupirratia

Markina-Xemeingo EUP! irrati librea 80. hamarkadan antenaratu zen lehendabizikoz. Garai horretan, hots, frankismotik burua ateratzen hastean, beste mugimendu alternatibo batzuk sortzea ahalbidetu zen Euskal Herrian eta sorkuntza bor-borrean zegoen garai gazi-gozo horietan, gaztetxeak, etxe okupatuak, fanzineak… eta, nola ez, irrati libre asko ere sortu ziren.

Gure herriko irrati librea lagunarteko jolas bat bezala abiarazi zuten eta, hasieran, Pitxoak Irrati Pirata jarri zioten izentzat, hain zuzen ere, izen bereko Pintxoak kuadrillak sortu zuelako. Gerora, lortutako oihartzuna medio, irratia herrira eta herritarrengana zabaldu zen, EUP! Irratia izena hartuz eta jende berria mugiaraziz. Pixkanaka-pixkanaka, herriko gazte mugimenduaren artean erreferente bihurtu zen ekimena eta, programak egiteaz gain, kalera begirako ekimenak (kontzertuak, hitzaldiak, etab.) antolatzeari ere ekin zioten.

Urte luzez martxan ibili ostean, 2005. urtean uhinek beren bidea egiteari utzi zioten, batez ere, proiektuaren fundamentuzko jarraipena nork egin ez zegoelako. Stand by egoera horrek 10 urtez iraun zuen, harik eta, 2015. urte bueltan, zenbait kide historiko eta beste hasiberri batzuk elkartu eta proiektua berrindartzen hasi ziren arte.

Gaur egun, oraindik lotsati, baina geroz eta ozenago entzuten da EUP! Momentuz, podcast bidezko bizpahiru irratsaio daude martxan, hala ere, berandu baino lehen 24/7 eran funtzionatuko duen online parrilla-emisio bat osatzeko lanetan gabiltza eta, areago, EUP! Irratia berriz ere 107.2 FM frekuentzian aireratzeko ametsa egi bihurtu nahian.

streaming-buttonpodcast-button

Comments are closed.