Arrosa Aurkezpena

 

Arrosa Irrati Sarea Euskal Herriko 21 irrati biltzen dituen federazioa da. Bertan, askotariko irratiak biltzen gara: irrati libreak, udal irratiak, (herrialdeko irratiak) eskualde mailakoak, irrati nazionalak… Guztiok barnebiltzen gaituena, baina, euskara da. Sarea osatzen dugun irration elkargunea euskara izan da hasieratik. Gure irratietan euskararen presentzia elkarlanari esker areagotu eta bultzatzeko helburuak batzen gaitu.

Herria Mugi! ekimenak, Joxemi Zumalabe Fundazioaren laguntzarekin, 2001eko udaberrian Euskal Herriko Herri Mugimenduen III. Topaketak antolatu zituen Barrian (Araba). Ekimen horretako Komunikazio lan taldeak proposatuta, Euskal Herriko irrati mordoxka bat deitu ziren planteamendu garbi batekin: irration arteko elkarlana areagotu, eta gure baliabideei probetxu hobea ateratzeko ezer egin ote zitekeen hausnartzea. Euskal Herria Zuzenean festibalean egin zen sortze bilera, Arrosa herrian, eta bertatik datorkio izena sareari. Bertan, eta ondoren egindako bileretan finkatu ziren gaur egun arte Arrosaren oinarriak direnak:

  • Euskal Herri osoan lanean dabiltzan irratien topalekua izan nahi du, eta hala da hein haundi batean.
  • Irrati ezberdinak bildu arren, hainbat behar eta nahietan bat egin dezakegu. Badugu elkarri zer hartu eta zer emana.
  • Komunikabideen eremuan egunetik egunera enpresa handiak nagusitzen ari direnez, gertuko komunikazio horretan aritzen garen euskarazko komunikabideek elkartu eta indartu beharra dugu, enpresa handiei aurre egingo badiegu.
  • Irrati bakoitzaren izaera errespetatu beharra dago, bakoitzaren beharrei moldatzeko gaitasuna izan behar du Arrosak.
  • Arrosak Euskal Herria du erreferentzia eremua eta euskara hizkuntza.

Elkarlana da, beraz, Arrosaren izateko modua, eta hau irratsaioen elkartrukean gauzatzen da, batez ere. Hala, sarekide diren irratietan beste irratietako irratsaioak igortzen dira. Horretarako, gure tresna nagusia, arrosasarea.eus webgunea da. Ez da, baina, webgunearen funtzio bakarra: edonork entzun, jaitsi eta elkartruka ditzake irratsaioak webgunearen bitartez. Sareko irratiok ekoizten dugunaren erakusgarri ere bada, eta Euskal Herriko irratigintzaren plaza ere bai, neurri batean.

Comments are closed.