ERRAIETATIK vol. 44 | Egin ezazu zuk zeuk

Published On azaroa 6, 2018 | By Erraietatik | Erraietatik

Denboraldi berri honetako hirugarren saioan, autoekoizpena izan dugu ardatz ERRAIETATIK irratsaioan. Horretarako, autoekoizpena oinarri duten artista ezberdinak izan ditugu gurekin, euren esperientziak eta ikuspegiak elkarbanatzen.

Lehenik eta behin, Ainara LeGardon (Bilbo, 1976) artistarekin solasaldi interesgarria izan dugu. 14 urte zituenetik karrera musikal oparoa garatu du, rock independientean zein proiektu sonoro esperimental ezberdinetan. Gainera, jabetza intelektualaren zein kudeaketa kulturalaren inguruko ikastaroak eman ditu.

Winslow Lab markaren bitartez, autoekoizpenean eta autogestioan oinarritu du bere ibilbidea, baina hurbiletik ezagutzen du musikaren industria handiaren ustelkeria. David Aristegirekin batera, ‘SGAE: el monopolio en decadencia’ liburuaren egilea da. Horretaz gain, 2014. urtean beste ikerketa bat argitaratu zuen: ‘Otro modelo es posible. Análisis y reflexiones en torno a la gestión de derechos de Propiedad Intelectual en el ámbito musical y su conflicto en el uso de licencias libres’.

SGAErekin harremana, autogestioan oinarritutako ibilbide artistikoa eta elkarlanaren beharra izan dugu hizpide. Azkenik, gaur egungo ereduaren eraldaketaren zein aukera ezberdinen inguruan hausnartu dugu LeGardonekin.

Autoekoizpena Euskal Herrian

Autoekoizpena Euskal Herriko sortzaileen sustraietan dago, eta azken aldian, esperientzia ugari loratu dira, ez soilik musikaren munduan. Autoekoizpenaren loraldi honen inguruko bizipenak, esperientziak eta ikuspegi ezberdinak jasotzeko, hiru artisten testigantzak bildu ditugu erreportaje batean: Txakur Gorriako Nerea Ibarzabal, Mukuru Kolektiboko Isuo Sassia eta Erraia Diskoak disketxeko Jon Basaguren.

 

Like this Article? Share it!

Comments are closed.