BERBAZ: Joseba Argintxona espiralean ikasten eta irakasten, heterodoxiatik

Ikusten ez dana erakutsi,
entzuten ez dana entzutera gonbidatu,
esan ezin denerako espazioa ireki.

Deabrutxoa dugu bakoitzak barruan eta aurre egitea komeni. Itzalari argi eman, begiratu eta bideratuz gero, potentzial sortzaile itzela.

Joseba Argintxona, ikasle eta irakasle bokazionala. Galdera nagusiei heldu behar lieke hezkuntzak, “zein naz ni? zer egin behar dut neure bizitzagaz?,…”. Jende asko galduta gabiltza, ez dakigula zertan gabiltzan, nerabe, heldu, nagusi,… berdin dio. Beti antzeko galdera handiei heltzean dago koxka, gero eta zabalago, sakonago. Espiralean. Dabilen harriari ez zaika goroldiorik lotzen.

Heterodoxoa. Sarri korrontearen aurka dabilena, bestelako korronteak eraginez, hobe bidean. “Egija gugaz, danen aurka” zen aipua harri-lan baten, Atxuriko geltoki itxi berrian, Acillona-ko markesak esana omen.

“Liburu gero eta gutxiago irakurtzen dut. Bat jatorta orain gogora: El hombre unidimensional (Herbert Marcuse) “.

Institutan irakasle dabil azken hogeitaka urtean, filosofia eta sikologia zalea. Biribilean jartzen dira gelan, bat-batean sortzen da elkarrizketa, eta eskola orduaren bukaeran idatzi egiten dute apur bat, galdera eta erantzuna, zer ikasi daben egunean, umeen, nagusien, ez-gaituen zaintzan ibiliko direnak trebatzen. Hori, hezkuntza formaleko gelatxo batean, egitura frustratzaile eta hertsian, zirrikituak zabalduz.

Beste alde batetik, jabetasuna egiten dio 500 urteko baserri zaharrari. Galtzen ari den aspaldiko jakintza bat bizi nahian. Pozik, Ajangizko baserri horretan, jendea bizi dalako, lurrak lantzen dituztelako, ingurumena jaboten dabelako.

Bai ikasgela barruan, bai baserrian, zein osasun/osotasun arloan eta bestetan, bakarkakoa eta taldekoa uztartu behar. Kirikinolatzak bezala: gehiegi hurbilduz gero, elkarri min. Urrunegi joanda, hotzak hil.

Entzun, ordubeteko solasaldi polita!

Kantak:
Bidean (Txuma Murugarren)
El circo (Rafael Amor)

Erreferentziak:
El hombre unidimensional (Herbert Marcuse)

Hurrengo podcasta

PIPERPOLIS: Zazkel taldearen “Estatu kolpea”

og. Aza 7 , 2019