SOINUGELA: Buzzcocks, The Raconteurs, Neil Young, Rocksteady, Nofugrass bluegrass jaialdia, Tim O’Brian

Published On iraila 11, 2019 | By Soinugela BILBO HIRIA IRRATIA | Soinugela

Manchester inguruko Bolton hirian sortu zen 1976an Buzzcocks izeneko punk taldea. Pop kutsuko kantutegia egin zuen Pete Shelley eta Howard Devotoren taldeak. Singles Going Steady LPan taldearen hainbeste single batu ziren eta, askoren ustez, punk garaiko diskorik onenetakoa izan zen. Bertatik lau kantu entzun ditugu, aste honetako urrezko kantutik abiatuta: Everybody’s Happy Nowadays, Orgasm Addict, Love You More, eta Ever Fallen in Love.

Neil Youngek bere Stray Gators taldearekin -Tim Drummond (baxua), Kenny Buttrey (bateria), Jack Nitzsche (pianoa) eta  Ben Keith (steel guitar-a)- 1973an emandako kontzertua argitaratu berri du Performance Series bildumaren barruan. Kontzertu hartan grabatutako kantu batzuk entzun ditugu: After the Goldrush, Old Man, Heart of Gold eta Alabama.

Rocksteady garaiko jamaikako diskoa berreskuratu dute Dr. Bird diskoetxean, Gay Jamaica Independence Time izenekoa. Entzun ditugu kantu eder batzuk handik: BOOM SHACKA LACKA (Hopeton Lewis), THE BALL (Earl ‘Wire’ Lindo), PUMPING IN (Alton Ellis), DYNAMITE (The Tommy McCook Quintet) eta JAMAICAN NATIONAL ANTHEM (Winston Wright).

Jack Whitek, Detroiteko aspaldiko lagunekin The Raconteurs izeneko taldea sortu zuen orai dela hamarkada bat. Berriro batu du talde hura rock kementsu eta nolabait klasikoa lortzeko. Lan berri bikain honetatik kantu batzuk entzun ditugu: Bored and Razed, Help Me Stranger, Don’t Bother Me, Somedays (I Don’t Feel Like Trying) eta What’s Yours is Mine.

Tim O’Brien-en 2003ko Traveller diskotik bi kanta entzun ditugu: Kelly Joe’s Shoes eta Travellers.

Datorren uztailaren 27an Burgoseko Cuesta Urria merindadeko Nofuentes herrian bluegrass eremuko jaialdia antolatu dute, bertako Nofugrass Fest jaialdiaren III. edizioa antolatu du elkarte batek. Hiru talde egongo dira bertan, horietatik Madrilgo Fuel Grass taldearen bi kantu entzun ditugu: Hold the Line eta I Want to Break Free. Segoviako Makeihan taldearen beste bi kantu: Freightliner Blues eta Take it Easy. Azkenik, La Colada Bluegrass Band taldearen kanta bat entzun dugu. Bertan, Europako banjo jolerik onenetakoak daude, Salviac-eko Jean Marie Redon eta Kataluniako Lluis Gomezek sortutako talde berria dugu eta eurek gure irrati saiorako grabatutako kantu bat entzun dugu.

 

Like this Article? Share it!

Comments are closed.