ERRAIETATIK vol. 42 | Heriotzaz maiteminduta

Oporraldi luze baten ostean, indarberrituta eta kide berriekin itzuli dira ERRAIETATIK irratsaioko ume basatiak, Hala Bediko uhin askeak iraultzaz eta kontrakulturaz kutsatzeko asmoz. Denboraldi berriaren estreinaldian, oso gonbidatu berezia izan dugu gurekin, Txerra Bolinaga, RIP taldeko kide historikoa, alegia. Izan ere, ‘Larga Vida a RIP’ fanzinea argitaratu berri da.

Fanzinea aitzaki hartuta, aukera aprobetxatu nahi izan dugu Txerra Bolinagarekin solasaldi sakona izateko: 80. eta 90. hamarkadak, Euskal Rock Erradikalaren garaiaren mitifikazioa edo RIP taldearen bilakaera izan ditugu hizpide, bizipen pertsonaletatik abiatuta. Elkarrizketaren bigarren zatian, fanzinea eta diskoaren egileetako batekin ere kontatu dugu, Silencio Tóxico fanzineko Nando Alonsorekin, alegia.

Bi urte baino gehiagoko lanaren ostean, Txerra eta Nandorekin aztertu dugu sortze-prozesu honen bilakaera. Hasieran fanzinea egiteko asmoa bazuten ere, azkenean, 376 orrialdeko liburu puxka sortu dute Tóxico Records eta El Lokal-eko lagunek. Honen barruan, Mondrako banda honen ibilbidea berreraiki da, RIPen inguruan ibili diren pertsona ugariren testigantzari esker. Garaiko argitalpen ezberdinetako rekorteak, elkarrizketak, diskografia osoa, Julen omenaldiz ospatutako kontzertua eta 27 bertsioz osatutako CD bat topatuko dugu lan ikaragarri honetan.

Irratsaioaren azken txanpan, atal berria estreinatu dugu ‘Kooltur Weapons’: noizean behin, tartea irekiko diegu irratsaioko kideon azken nobedade edo gomendio kulturalei. Kasu honetan, lau arma kultural ekarri ditugu gurera: Ho99o9 taldearen ‘Bone Collector’ abestia, Kau Kori Kuraren ‘Ola, Ola!!’ kantua, Virginie Despentesen ‘Vernon Subutex’ liburua eta The Baboon Show talde suediarraren ‘Same Old Story’.

 

Hurrengo podcasta

TXAPADA ERRADIKALA

ar. Urr 23 , 2018