SOINUGELA: Motorhead, Atom Rhumba, Morau, Sly and Robbie, Rolling Stones

Gaurko urrezko kantua Motorhead hirukotearen Ace of Spades izan da. Iaz Lemmy kantari baxu jolea eta Philly animal Taylor bateria jolea hil ziren. Oraintsu jakin berri dugu hirugarrena, Fast Eddie Clarke ere zendu zela urtarrilean. Ace of Spades euren gailurra izan zen. Disko honetatik Love me Like a Reptile ere entzun dugu.

Atom Rhumbaren zortzigarren grabazioa kalean dago. Zortzi urte igaro dira Gargantuan Melee kaleratu zenetik eta Kaki Arkarazogaz grabatu dute Garaten Cosmic Lexicon disko berria. Roberrek egin ditu kantu gehienak eta oso lan heldua iruditu zaigu. Bost kantu entzun ditugu bertatik: Tumba gris, Red Turning Blue, Organised Man Blues, Denbora Eraser eta Pompas de sangre y miel.

Sly Dunbar (bateria) eta Robbie Shakespeare (baxua) Jamaikako erritmoaren jabeak dira. Aspaldian ekoitzi zituzten gaur entzun ditugun soul kantuak: Rainy Day in Georgia (kantaria: Tinga Stewart) eta Sexual Healing (kantaria: Jimmy Riley).

Iragan azaroan Soinugelan izan genuen Andoni Tolosa Morau kantari-kantugilea, eta zuzenean aritu zen gure estudioan. Orduan esan zigun bilduma berria kaleratzear zuela. Bada, Egunsentiak alperrentzat kalean dago jada. Bere amarekin, ia-ia goizero, egunsenti aldera emandako paseoen kronika egiten du Morauk disko berri honetan. Hamar urte baino gehiagotan gertatutako paseo horien aitzakiarekin hernaniar kantariak gaixotasunaz (batik bat amaren alzheimerraz), zaintzaz, familia harremanez, maitasunaz eta heldutasunaren bilakaeraz hitz egiten du. Bere kabuz egindako grabazioa izan da, bakarrik Beñardo Goietxek lagundu baitio ahotsekin. Kantu batzuk entzun ditugu: Alzheimer, Diagnosia, Ondo lo egin, Gaixo, Zuhaitza, Mina, Clash eta Pistols, Behelainoan (Noraeza) eta Bi argazki (Basmatiren ustez).

Gabonetan kaleratu zuten Stones-ek 60ko hamarkadaren hasieran BBC estudioetan zuzenean grabatutako Rhythm and Blues kantu batzuk, gaurkoan entzun ditugunak: Come on, The Last Time eta Route 66.

Hurrengo podcasta

BURDINOLA: Berrikuntzari tartea eskaini dio

ol. Mar 16 , 2018