IRRATIAK IRRATIA: Halabediko Kantoikoek Info7ko Oinatz Aizpuru mareatu zutenekoa

Zenbat kostatzen ote da irratian publizitatea jartzea? Berdin kobratzen ote dute irrati guztietan? Eta zein iraupen izaten ote dute irrati iragarkiek? Info7 irratian, adibidez, nola funtzionatzen ote du horrek guztiak?

Guk ez dugu interes berezirik, e, baina Gasteizko Halabedi irratiko lagunek bai nonbait. Hargatik, apirileko Irratiak irratia tartea baliatu dute Info7ra deitu eta zalantza guztiak argitzeko. Entzun, atzo San Prudentzioren aitzakian parrandan ibili eta ajearekin egongo diren horiek, Info7ko esatari Oinatz Aizpururi nolako une txarra pasarazi dioten.

Irailean hitz eman genizuen hilean behin Arrosa irrati sareko irratiak ezagutzeko tartetxoa irekiko genuela Zebrabidean. Gainera, irratietako lagunen arteko elkarrizketen bidez egingo genuela hori. Gogoan izango duzue Antxetako Aitziber Zapirainek Arraioko Marleni egin zion elkarrizketa; edo Arraioko Inesek Atariako Iñigo Terradillosi egindako telefono txantxa. Eta oroitzen al zarete Atariakoek Bilbo Hiriako Ane Zabalari Tolosaldeaz egin zioten galdeketaz? Eta nola ahaztu Bilbo Hiriakoak Esan Erranera bidean galdu zirela. Esan Erraneko lagunek Gure Irratiarekin hitz egin zutenean, berriz, hirien aurkako irrati frontea osatzea adostu zuten. Ba Gure irratikoei ere heldu zitzaien elkarrizketatzaile izateko garaia, eta Arantxa Idiederrek Halabedi irratiko Igor Goikolea harrapatu zuen joan den martxoaren 18an Baionan egin genituen Arrosa sareko topaketetan.

Hurrengo podcasta

ARTAYORRAN#266: Lukiek, Mikel Urdangarin, Seiurte

ol. Api 28 , 2017