KORRIKA: Amaiera eguneko Kronika

Published On 10 apirila, 2017 | By Arrosa | Arrosa Berriak, BERRIAK

Korrika20 amaitu zen atzo eta oraindik ere haren oihartzunak entzun ditzakegu barren barrenean. Emozioz betetako 11 egun hauetan, Euskal Herriko bazter guztietako milaka eta milaka pertsona martxan jarri dira euskararen alde korrika eginez.

Hamaika egun, 2257 km eta anekdotak nonahi. Gauean, Arabatik Sakanara egin zuen salto Korrikak, metroz- metro Iruñerriara hurbilduz. Arrosako Zebra Huartetik abiatu zen atzokoan eta ordu horretarako, parte hartzaileak ehundaka zenbatzen ziren. Sarasate pasealekua zenbat eta gertuago, orduan eta jende gehiago batzen zen. Txantreara heldu orduko aurreko furgonetatik ezinezkoa zen amaiera ikustea. Hura bai lurrikara eta zoramena! Oihuen oihartzuna ere, urrunetik entzungo zituzten zalantzarik gabe.

Burlatako buruhandiek ere Korrika agurtu nahi izan zuten eta Donibanen une berezia bizi izan genuen. Angel Berrueta hil zuten kaletik pasatzerakoan, txalo zaparrada batekin gogoan izan baitzuten auzoko okina izandakoa. Bertan, sorginak ere Korrikara batu ziren! Kilometroak aurrera egin ahala, urduritasuna ere geroz eta presenteago zegoen. Denboraz zelan gabiltza? Nork hartuko du hurrengo lekukoa? Zenbat kilometro falta dira amaitzeko? Nola pasatuko gara jendez beteta dagoen kale horretatik?….Horiek eta beste asko, ziren furgonetan gindoazen gidari eta kazetariok gure buruari (batzuetan isilean besteetan ozenki) egiten genizkion galderak. Baina guztia ongi joan zela esan daiteke: Korrika espero zen orduan heldu zen Sarasate pasealekua eta bertan milaka eta milaka euskaltzale zain zituen aurtengo mezua zein eta nork idatzia izango zen jakiteko irrikaz.

Azken kilometroetan, Nafarroako Parlamentuko eta Iruñeako Udaleko ordezkariak ikusi ahal izan genituen, besteak beste, Ainhoa Aznarez, Bakartxo Ruiz, Maiorga Ramirez eta Udalaren kasuan Joseba Asiron eta beste hainbat zinegotzi eta langile. Bestalde, Euskarabideako Zuzendaria den Mikel Arregik Nafar Gobernuaren lekukoa eraman zuen. Iruñean ere, doakotasunaren aldeko kilometroa eraman zuen Marmari elkarteak.

Ordurako, hasita zegoen Euskal Irratiekin, Euskadi Irratiarekin eta Euskal Herria Irratiarekin batera Sarasate pasealekutik egin genuen saio bateratua. Eguzki irratiko lagunek ere, gaueko 4.00etatik ari ziren jarraipena egiten!

Gehiengo sindikala, alderdi politikoetako ordezkariak, Etxerat elkartea, Udalbiltza, Berria, UEMA, Euskaltzaindia, Euskal Herriko Gurasoen elkartea, Kontseilua eta Ikastolen Elkartea izan ziren azken kilometroetan lekukoa eraman zutenak eta nola ez, azken metroak, AEKko langileek eraman zuten.

Deskribaezina da azken metro hauetako giroa: txaloak, malkoak, euskararen adeko oihuak, eskertze eta zoriontze irriak…. eta azkenean, herriz herri eta eskuz esku lekuko barruan 11 egunez gordeta egon zen mezua eskenatokira heldu zen. Kazetariak larrituta, ez zuten AEK-ko lagunen artean mezuaren egilea ikusten eta zurrumurrua geroz eta ozenagoa zen: nork idatzi du aurtengo mezua? Non dago? Berehala jakingo genuen ausentzia horren zergatia.

Duela 30 urte baino gehiago bafle batean sartuta espetxetik ihes egitea lortu zuen. Atzokoan, bafle batetik itzuli zitzaigun bere ahotsa, eta horrekin batera, Korrikaren amaierako mezua.

Mezua irakurri aurretik, Sarasate Pasealekuan kokatzen den Foruen monumentuari erreferentzia egin zioten antolatzaileek. “Gure legeak gorde nahi ditugula dio monumentuak eta hori aldarrikatu nahi dugu”. Uztarririk gabe euskaraz bizi nahi dugula adierazi zuten, baita euskara ikasi edo ikasten ari direnentzat txalo bero bat eskatu ere. Jarraian, Joseba Sarrionaindiren hitzak entzuteko aukera izan genuen. Euskararen alde lan egitea oraindik ere normaltasunaren kontra egitea dela adierazi zuen eta horretarako motibo bat dugula, balio unibertsala duen altxor bat: euskara. Hizkuntza bat, mundua ikusteko eta ulertzeko modu gisa ulertuta, euskararen galerak, mundua ulertzeko modu baten galera ekarriko lukeela adierazi zuen ere. Hunkigarriena, azken esaldia: “Konturatzen zara goizean ohetik jaikitzean ezti tanta gozo bat bezela senti dezakezula ezpainetan?

Ekitaldia amaitzeko, Xabier Gartziak AEKren izenean hitza hartu zuen eta ondoren, aurtengo Korrikako kanta zuzenean entzun eta dantzatzeko tartea ireki zen, euskaraz eguna gozatzeko gonbitearekin batera. Une horretan, Sarasaten bildutako milaka lagunek, Alde Zaharrerako bidea egiten hasi ziren giro ezinhobean. Izan ere, egun osoko egitaraua prestatu zuten Iruñeako gune ezberdinetan. Kazetariok, 21. Korrikaren aldeko brindisa egin ondoren, tablet, kuaderno eta mugikorrak eta grabagailuak motxilan sartu eta festa giroan murgildu ginen. Hortik aurrera gertatutakoak, gure artean gelditzen dira baina ezin dugu azken kronika hau eskerrak eman gabe itxi.

Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiogu AEKri, Korrika egunez egun eta zuzen zunean jarraitzeko aukera eman diolako Arrosari. Sarearentzat aukera izugarria da bere lana ezagutzera emateko eta beste herri komunikabide batzuekin dugun harremanean sakontzeko. Bestetik, eskerrak eman behar dizkiegu Arrosarekin batera prentsa lantaldean parte hartu duzuen lagun guztiei. Berria, Euskal Irratiak eta Hamaika Telebistarekin batera elkarlanean aritu gara. Batzuetan argazkiak konpartituz, besteetan elkarrizketak elkarrekin eginez edota trukatuz… Eta nola ez, pertsonalki esperientzia aberasgarria izan da ere: ikasitako guztiagatik, Euskal Herriko txoko eta euskalki ezberdinak ezagutzeko aukeragatik, Korrikaren atzetik dagoen lan guztiaren berri izateko aukeragatik eta guztion artean sortu dugun giro ederra eta humoretsuagatik. Irratigintzan eta esparru komunikatiboan BatZuk euskaraz bizi eta hazi nahi dugulako…21. Korrikararte!

 

Like this Article? Share it!

Comments are closed.