KORRIKA: 10. eguna

Gaurkoa, egun osoko azken kronika izango da. Izan ere, ordu gutxi falta dira Korrika Iruñeara heldu eta Otxandion lekuko barruan gorde zuten mezua ezagutu dezagun. Gaurko eguna amaitu orduko, Korrikan zehar ikusi ditugun furgonetek 2415 km eginak izango dituzte. Baina amaiera gertu egoteak, ez du inondik inora esan nahi azken kilometroetan indarrak agortzen ari zaizkigunik!
Soraluzen zegoen Korrika 10. egunari hasiera eman diotenean. Osintxutik pasa ostean, Bergarara abiatu da eta seguru Txapa irratiko lagunek harrera beroa egingo ziotela. Urretxun, aldiz, KKinzona irratiko kideak izan dira tipi tapa ibili direnak euskararen alde. Itsasondon, ordea, herri gaubela egin dute. Izan ere, Udalak gauean Kultur Etxea zabalik utzi du eta Korrika iritsi bitartean, haur eta guraso askok bertan elkarrekin lo egitea erabaki dute. Abaltzizketa eta Amezketa inguruan pozez zoratzen zeuden gazteak zein helduak.  Hogeitazortzi urte igaro dira Korrika azkenengo aldiz herritik pasa zela eta beraz, gazteenek ez zuten halakorik ezagutzen.

Lazkao aldean , gaueko iluntasunak bidea ireki dio egunsentiari. Baionan armagabetzea dela eta egin den deialdiari keinu gisa interpretatu daiteken esaldi bat bota dute orduan furgonetatik. Gaurkoa egun historikoa zela Euskal Herriarentzat, eta une horretan korrikan zeudenak ere Historia egiten ari zirela esan bait dute.  Goizeko 9ak aldera, Seguran barna ibili da, baina Arrosako Zebra despistatu xamar esnatu denez gaur, Zeraineko kilometroetara heldu arte ez da Korrikara batu. Paisaia ederrak zeharkatu ditugu Legazpirako bidean!

Hortik hasita eta Arrasate atzean utzi arte, Korrika jendez osatutako mosaiko koloretsu amaigabea zirudien. Legazpiko biztanleek, adibidez, hainbat une berezi eskaini dizkigute. HIRU sindikatua, esate baterako, kamioi eta guzti sartu da Korrikara. Gaztetxearentzat ere egun berezia izan da, Korrika pasatu den egun berean 20 urte bete bait ditu. Beste momentu zirraragarrietako bat, lekukoa gurpildun aulkian eraman duen emakumeak utzitakoa izan da. Izan ere, bere ostean lekukoa eraman behar zuen persona zegoen kilometrora heldu denean, gelditu eta aulkitik zutitu egin da. Gainontzeko korrikalariek eta kale bazterretan  zeuden lagunek ere txalo zaparrada batez eskertu diote keinua.

Eguerdian, Oñatira heldu da eta giroa, epela baino beroagoa zen. Eskerrak, suhiltzaileek mangera ireki eta urez blaitu dituzten korrikan une horretan parte hartzen ari ziren lagunak! Baten batek agian eztarria pixkat hezetzeko aprobetxatuko zuen seguru. Kazetariok ere,  ez gara ur zaparradaz libratu! Jende ugarik parte hartu du. Are gehiago 3 minutu baino gehiago behar izan dituzte herriko plaza zeharkatzeko.

Baina eguneko irudirik potenteena Arrasatek utzi digu. Herrian sartu aurretik jada ehunka pertsona ari ziren trostan. Kale zabalenetan ere, zaila suertatzen zen Korrikaren amaiera non zegoen asmatzea. Ekin eta Txatxilipurdi elkarteen kilometroan Eguzkilaru panpinak eraman du lekukoa eta Alde Zaharrean musikariek eta erraldoiek egin diote harrera. Denbora luzez gogoratuko dute arrasatearrek gaurko eguna!

Fagorren hartu du Arrasateko azken lagunak lekukoa eta ondoren, Aretxabaletarako eta Eskoriatzarako bidea hartu ditu. Gatzagago herritarrek angula zozketa egin dute dirua bildu eta hiru kilometro erosteko eta lekuko eramaileak erabakitzeko ere, zozketa egin dute herritarren artean.

Gatzagan bueltaxka eman ondoren, Korrika Araban sartu da berriz ere, Lautadan, hain zuzen.  Marieta izan da harrera egin dion lehenengo herria baina hara heldu aurretik, Artzain Txakurren Lagunak elkarteak lekukoa eraman du. Haiekin batera, 70 txakur inguru batu dira. Ozaetan, Dulantzin, Zalduendon eta Araian ere Korrika herritik pasatzen ikusteko aukera izan dute eta gaueko hamarrak aldera, Nafarroako lurretan barna sartu da azkenengo aldiz. Sakanatik iparraldera egingo du datorren gauean zehar, bihar goizean Iruñeara heldu eta Korrika20 -k ibilbidearen helmugara iristen den arte. Altsasu, Etxarri, Berriozar edota Zizur, zai izango ditu.

Bihar ere, Arrosa Sarearen bidez eta berau osatzen duten irrati ezberdinen bidez Korrikak Iruñean zehar egingo duen ibilbidearen berri izango duzue, eta hiru bide ezberdinetatik gainera! Aurreko egunetan bezela, Arrosako Twiterrean unean gertatzen dena kontatuko dizuegu, baita argazki bidez erakutsi ere. Bestalde, Otxandion lehenengo egunean egin genuen bezela, biharkoan ere saio berezia emitituko dugu Euskal Herria Irratiarekin, Euskal Irratiekin eta Euskadi Irratiarekin batera. Saioa eguerdiko 12etan hasiko da eta ekitaldia amaitu arte iraungo du. Azkenik, Iruñeako Eguzki irratiak saio berezia egingo du gaueko 4.30etatik aurrera. Zuena bai marka!

Hurrengo podcasta

ZURIA BELTZEZ - 298 - bestelakotasunak nabarmentzen

ig. Api 9 , 2017