Atzo da beti

Bukatu du diskurtsoa, itzali dira argiak, elurra elurraren gainean ari du oraindik eta ez dakigu noiz ari garen zapaltzen, hustuz doa gela, piztuta geratu dira mikrofonoak, ez dakigu noiz ari garen zapaltzen eta izotzak zeharka ezin bihurtu ditu pasabideak, gatz gehiago bota beharko dute hurrengoan gogoratzeari utz diezaiogun.
Itsaso bete gatz beharko genuke, ahanzturan itotzeko gure penak. Penaz bizitzea baino gauza penagarriagorik ez dela esaten zigun herriko apaizak nerabetan. Inportantea da non zapaldu adostea lehenago, akordatzeari uztea komeni bazaigu ere, elurrak elurra egin dezan bihar azal, mikrofonoek elkarren berri izan dezaten abisu eman aurretik, inor ez dezan istripuak ezustean harrapa, munduan zaratak isiltasunari lekua hartzen dionean, mikrofonoak itzaltzen badira derrepente, itsuak mutu izateari uzten ez diolako izango da, ez gara egindakoez damutuko behintzat, tiro bat entzun da kontzertuaren erdian, etortzeko esaten didazu, hemen naukazula errepikatu nizun mikrofonoak itzali aurretik, hau ez dela atzo gertatu, hau bukatu den diskurtso baten hasiera da.
Lorratzari jarraika ibili gara aspaldion eta atzo da beti, hor dago amildegia, arnas zuria zerurantz lerratzen da gure ahoek uzten dituzten zirrikituetatik, ikus dezakegu kasik behean zer ari den gertatzen, inor ez da honetatik salbatuko, inor ez da onik aterako, maitasunak ezin ditu gure gorpuak luzaro ur azalean mantendu, hor da amildegia, lorratzari jarraitzea baino ez zaigu geratzen, elurra elurraren gainean ari du, ez dakigu noiz ari garen zapaltzen, aspaldi bukatu zen diskurtsoa.

Hurrengo podcasta

Bertxoko 120222. Nafarroako bardoak: kanporaketen errepasoa

az. Ots 22 , 2012

Podcast gehiago